XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurrekaldea eguzkira begira dauko; erdian, iru leio zabal balkoidun; goian, lau leio txikiago, erdiko biak balkoiakaz; eta onein azpian patroien ezkutu andia; sarrera bi beian, burdinsarez itxita, albo bietan zaloi okulluak ditula.

Eskumako atartetik gora joian mailladi zabala lenengo ta bigarren oiñera; lenengo oiñak saloi eder bat eukon aurretik lau aizetara.

Teillatu-ertza, oso jagia.

Alboan eukan, sarkalderuntz, gorago aitatu dogun baratza, era askotariko zugatzez eta igali-arbolaz beterik.

Egundoko atseden-tokia, ziñez!.

Urteak urte, erentziz lez, Teofila Agirre'ren eskuetara etorri zan.

Eta azkenengo jaube onek, 1903'an, Anjela Caminero, Ustara zanaren alargunari saldu eutson, jauregiak zitun ondasun eta lursail guztiekin.

Jabe barri onek, ostera, bere eskubideak zorrotzegi zaindu gura-ta, eztabaidarik naikoa izan eban, eta azkenik, gogaituta, osorik, berak erosi eban lez, bere koñatu Rikardo Ustara'ri saldu eutson.

Ustara au, barriz, Larra'ko jauregia erosi ta laster gexotu zan, eta inguru au bere osasunarako etzala egokia ikusirik, jauregia saltzeko erabagia artu eban.

Orduan Larra'ko komentuan nagusi zan Aita Jeremias'ek, Zornotza'ko semeak, erosi eutson.

1915'garrena zan.

Prailleak ba-eben Larrea'n, 1907'tik asita, latin eta eleiz-karrera egiteko bear ziran gaiak erakusteko ikastetxe txiki bat, bertako aita bi maisu zirala; kanpoan jan eta lo, prailletzarako naiz abadetzarako ikasten eben.

Lenengotan, sakristi osteko salea eben erakus-toki; baiña ikasleak ugarituaz joiazalako, txikia zan ainbeste gazterentzat.

Eta aurreko jauregia erosi zanean ortarakoxe erosi zan batez be, araxe aldatu eben aitaturiko ikastetxea.

Jauregiaren barruak egokitu ziran ortarako, baita atzekaldean ikasleentzako logelak eta ikas-tokiak barritik egin be.

1916-17'garreneko kurtsoa ementxe asi zan orduko eskolak eskatzen ebezan aurrerapide guztiakaz.

Gero, 1919'an, barrukoak, au da, praille izan nai ebenak be artzen asi ziran.

Lenengotan, 18 ziran; urrengo urtean, baimen guztiakaz legezko Ikastetxea jarri zanean, 26.

Orrelaxe joian gero ta geiago ugarituz: 72 gintzazan gu 1925-926'garreneko kurtsoan.

1921'tik 1924'ra bitartean, etxe-apainketa ta barrizte geiago egin ziran, Aita Apolinar nagusi zala:(...).